UPV/EHU eta Osakidetzaren arteko ituna
Urriak 17an Ezohiko Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio UPV/EHUren eta Osakidetzaren arteko ituna onartzeko proposamenari, osasun-instalazioak ikerketa eta irakaskuntzarako erabiltzeari begira. Ituna Medikuntza eta Odontologia Fakultateak, Erizaintzako eskolek eta ikastegi hauetako ikasleek askotan eskatu duten ituna da.
Dokumentua behin onartuta, UPV/EHUk proposamena bidaliko dio Gizarte Kontseiluari hark txostena egiteko, gero Eusko Jaurlaritzak itunari onespena eman eta argitara eman dezan.
Osasun Zientzietako unibertsitate-ikasketak (Medikuntza, Erizaintza eta abar) egin behar dira bai unibertsitatean eta bai osasun-erakundeetan, eta erakunde bietako irakasleek eman behar dituzte. Hori dela eta, bi erakundeon arteko harreman hori itun izeneko dokumentu batean zehaztu behar da. Hori, baina, egiteke egon da orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan. Egoera hori konpontzeko, batzorde misto bat eratu zen, itunaren testua landu eta azkenean behin betiko proposamena egiteko. Orain proposamen hori aurkeztu zaio Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari, eta organo honek onespena eman dio gaur.
Itunaren testuak adierazten du Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-erakundeek denbora daramatela elkarlanean ikasleei prestakuntza ematen, baina elkarlan hori ez dela sekula itun batean jaso. Orain onartu den dokumentuak lotura ezartzen du osasun-zerbitzuetako zenbait lanposturen eta unibertsitateko zenbait irakasle-lanposturen artean, eta bermatu egiten du euskal osasun-sistemaren erabilera Osasun Zientzien arloko titulazioetako ikasleei prestakuntza emateko.
Itunaren helburu zehatzei dagokienez, hiru motatako ekintzak aurreikusten dira dokumentuan: irakaskuntzari lotuak daudenak, alde batetik, eta asistentzialak eta ikerketakoak, bestetik. Era berean, zehazten du honako ospitale hauek erabiliko direla irakaskuntzarako: Basurtu eta Gurutzeta Bizkaian, Txagorritxu Gasteizen eta Donostia Ospitalea Gipuzkoan. Unibertsitate-ospitale izena hartu ahal izango dute erietxeok.
Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu du zenbait aldaketa egitea irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendan, hala lan-kontratuko irakasleen lanpostuetan nola funtzionario eta administrazio-kontratudunen lanpostuetan. Hori dela eta, aldi baterako irakasle elkartuen talde bat lan-kontratuko irakasle iraunkorrak izatera pasatuko dira.
Berriaren iturria: UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOA (94-6012065 / prentsa@ehu.es)