Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Zer da EIRE Antolaketa
Dokumentu Akzioak

Antolaketa

Azken aldaketak 2006/09/28 12:17

EIRE-ren Antolaketa

EIREren antolaketa eta zuzendaritzak kontuan hartzen ditu euskal hizkuntz komunitatearen zabalera eta banaketa geografikoa, unibertsitateeen desberdintasun eta kokapenak, unibertsitate bakoitzean bertako EIREkideen garrantzia eraginaren helburuan, eta euskal unibertsitate-irakasleen nazioarteko barreiadura. Hurrengo oinarrizko antolaketa izanen du EIREk:

  1. Bazkideen Batzar Nagusia: EIREko bazkide guztiek osatzen dute eta organo gorena da. Bere eginkizunen artean, besteak beste, elkarteko beste organoak, hala norbakarrekoak nola bilduak, hautatu edo/eta berrestea dago. Paragrafo honetan zehaztu gabe geratzen diren alderdiak, ondoren prestatuko diren estatutoetan definituko dira.

  2. Zuzendaritza-batzordea: Elkartearen jardute eta kudeaketa iraunkor eta egunerokoaz arduratzen da, besteak beste. Batzar Nagusiaren aginduak betetzen ditu eta horri ematen dizkio kontuak. Paragrafo honetan zehaztu gabe geratzen diren alderdiak, ondoren prestatuko diren estatutoetan definituko dira.

  3. Unibertsitateko EIRE: unibertsitate bakoitzean, bertako EIREkideek nahi badute, beren “Unibertsitateko EIRE” sor dezakete (UPV-EHUko EIRE, Deustuko Unibertsitateko EIRE; Mondragon Unibertsitateko EIRE; NUPeko EIRE; eta abar). Organo hori Batzar Nagusiaren aginduetara dagoen arren, jardute propioa izanen du dagozkion helburuak eta eginkizunak bere unibertsitate-errealitatera egokitu eta bertan gauzatzeko. Gainera, organo honek kontuan eta bere baitan hartuko ditu campus desberdinen presentzia eta ordezkaritza. Hala ere, euskal hizkuntz komunitatearen esparruan unibertsitate-era nahiko desberdinak daudenez, “Unibertsitateko EIRE” organo honek, eta Elkartearen Batzar Nagusiak onartuz gero, ez du derrigorrez unibertsitate oso batena izan behar; beharra eta egokiera nahikoa bada, zentro baten, edo zentro zenbaiten, edo campus baten, edo jakintza-arlo baten, edo interesgune baten organoa ere eraiki daiteke. Azkenik, paragrafo honetan zehaztu gabe geratzen diren alderdiak, ondoren prestatuko diren estatutoetan definituko dira.

Hainbat zentru dituzten campusetan, pertsona bat eduki behar da zentru bakoitzean dagokion ordezkariarekin koordinatzeko.

EIRE elkartea, juridikoki, hiru eremu juridikotan legeztatuko da: Euskal Autonomi Elkartean, Nafarroan, eta Iparraldean. Horretarako, behar diren urratsak emango ditu estatutoei eta kudeaketari dagokienetan.

Zuzendaritza-batzordea

EIREren zuzendaritza-batzordea eratzean malgutasuna, eraginkortasuna eta unibertsitate-errealitateen desberdintasuna kontuan izan behar dira. Horregatik, unibertsitate-esparru mailako ordezkaritzaren presentzia garrantzitsua da, helburu eta eginkizunak egoki gauzatu ahal izateko. Horretaz gainera, elkarteak, bere eguneroko jardun eta kudeaketa arrunta burutzeko, beherago zehazten diren kargudun zehatz batzuk izendatuko ditu, edozein elkarteren antzera. Beraz, zuzendaritza-batzordeak hurrengo ordezkari eta kargudunek osatzen dute:

Zuzendaritza-batzordearen osaketa

  1. Unibertsitate-ordezkariak: Euskal Herrian dauden unibertsitate edo unibertsitate-esparru nagusi bakoitzetik ordezkari bat. Ordezkari hori hautatzean, beti izendatuko da “ordezkariaren ordezko” edo suplente bat ere, behar denean ordezkariaren tokia har dezan. Dena dela, ordezkariaren ordezko honek ere zuzendaritza-batzordearen bilera guztietan egoteko eta mintzatzeko eskubidea du, baina ez du botorik izango unibertsitate-ordezkaria present badago. Honela, hurrengo unibertsitate-ordezkariak izanen dira zuzendaritza-batzordean, hurrengo unibertsitate edo unibertsitate-esparruetatik:

  • UPV-EHU Bizkaia: 1 ordezkari.

  • UPV-EHU Gipuzkoa: 1 ordezkari.

  • UPV-EHU Araba: 1 ordezkari. 3

  • UD-DU Deustua: 1 ordezkari.

  • UD-DU Donostia: 1 ordezkari. 2

  • Iparraldeko zentru teknikoak: 1 ordezkari.

  • Iparraldeko letretako zentruak: 1 ordezkari. 2

  • UPNA-NUP Iruñea: 1 ordezkari. 1

  • Mondragón U.: 1 ordezkari. 1

  • UEU: 1 ordezkari. 1

10 unibertsitate-ordezkari

  1. Elkarteko kargudunak: elkarteko kargudunak elkartearen jardun eta kudeaketa arrruntaz arduratuko dira, EIREren helburu eta eginkizunen aldeko lana zuzenduz.

  • Koordinatzaile nagusia. 1

  • Koordinatzaileordea 1

  • Idazkaria 1

  • Diruzaina 1

4 elkarteko kargudun

Antolaketa honen arabera, EIREren zuzendaritza-batzordeak hamalau (14) kide izanen ditu. Unibertsitate edo unibertsitate-esparru berri bat sortzen bada, berezko eskubidea du bere ordezkaria zuzendaritza-batzordean egoteko.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) EIREko zuzendaritzan dituen ordezkaria eta horren ordezkoa ezin dira beste unibertsitate bateko irakasle izan.

Zuzendaritza-batzordearen hautaketa

Unibertsitate-ordezkaria, eta honen ordezkoa, beren unibertsitate-esparruko EIREkideek hautatuko dituzte, dagokion bilera batean. Unibertsitate-esparruko bileran hautatutako ordezkari eta ordezkari-ordekoa EIREren Batzar Nagusiak onetsi eta izendatuko ditu, unibertsitate-esparru horretako ordezkari eta zuzendaritza-batzordeko kide lehena, eta ordezkoa bigarrena.

Elkarteko kargudunak EIREren Batzar Nagusiak hautatuko ditu.

Batzorde-zuzendaritzan dauden “Elkarteko kargudunak” unibertsitate desberdinen artean txandatuz joango dira, hurrengo era egoki jarraituz (1999ko abenduaren 18ko Batzar nagusian onartuta):

1.- EIREko zuzendaritza-batzordeko kideak bi urterako hautatuko dira: bai unibertsitate-ordezkariak eta horien ordezkoak, eta bai elkarteko kargudunak.

2.- Zuzendaritzaren berritzea bi txandatan egingo da: urte batean unibertsitate-ordezkariak eta horien ordezkoak; eta beste urtean elkarteko kargudunak.

3.- Elkarteko lau kargudunak (koordinatzaile nagusia, koordinatzaileordea, idazkaria, eta diruzaina) unibertsitate desberdinetakoak izango dira.

4.- Elkarteko kargudunak berritzean ere unibertsitate-txandaketa errespetatuko da. Beraz, agintaldi batean koordinatzaile nagusia unibertsitate batekoa izan bada, hurrengoan beste batekoa izango da.

5.- Elkarteko kargudunen bozketa garaian, hurrengo hurrenkera jarraituko da: lehenbizi koordinatzaile nagusia bozkatu eta hautatuko da, ondoren, koordinatzaileordea; hirugarren idazkaria; eta azkenik diruzaina.

6.- 1999ko abenduaren 18an egingo den 1. Batzar Nagusian izendatuko da zuzendaritza berri osoa: unibertsitate-ordezkariak eta horien ordezkoak batetik, eta elkarteko kargudunak bestetik. Azken hauek Batzar Nagusian bertan hautatuko dira.

7.- 2000. urteko Batzar Nagusian, zuzendaritza batzordearen lehen zatia berrituko da, alegia, unibertsitate-ordezkariak eta horien ordezkoak. Hurrengo urtean, 2001.ean, zuzendaritza batzordearen bigarren zatia berrituko da, alegia, elkarteko kargudunak berrituko dira. Hortik aurrera, Estatutuen eta Txosten honen arabera.


Plone CMS-arekin dabil webgune hau, kode irekiko eduki kudeaketa sistema

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: