Eginkizunak
Estrategikoak eta Praktikoak
Eginkizun estrategikoak
EIREren eginkizun estrategikoak hauexek dira: eragina, komunikazioa informazioa, eta eztabaidagunea.
Eragina: ahal den neurrian, Euskal Herriko unibertsitateetako erabakiguneetan eta erabakigileengan, ezarritako helburu orokor eta estrategikoen alde lan eta eragin egittea.
Informazioa: ahal den neurrian, Euskal Herriko unibertsitateetan euskararen egoera eta berari eragiten dioten gaien inguruan jazotzen diren gertakizunen berri ematea, bai unibertsitate-komunitateari eta bai gizarteari.
Komunikazioa: ahal den neurrian, bertako eta kanpoko unibertsitateetan dauden euskal irakasleen artean komunikazioa trukatzea, bai irakaskuntzari, bai ikerkuntzari eta bai helburu orokor eta estrategikoen alorreko beste edozein gairi dagokiona. Halaber, bai oraindik euskara ez dakiten irakasleekin eta bai ikasleekin, harremanak jorratuko dira, helburu orokor eta estrategikoen aldekotasuna lortzeko bidean.
Eztabaidagunea: ahal den neurrian, euskarak unibertsitateetan duen txertaketaren inguruan, bere garapenari begira beharrezko diren urratsen inguruan, euskal irakasleen eskubideez, eta ikasleek euskaraz estudiatzeko duten eskubideaz eztabaidatzea, besteak beste. Halaber, euskal unibertsitatearen ereduaren eztabaida egitea.
Eginkizun praktikoak
EIREren eginkizun praktikoak hurrengoak izan daitezke. Hala ere, kontuan izan behar da aipatuko diren zenbait eginkizun praktiko, beren errealitatearekiko hurbiltasunagatik, "Unibertsitate bakoitzeko EIREk" egiteko egokiagoak direla.
Eraginari dagokionez:
Euskal Herrian dauden unibertsitateetako erabakiguneetan eta erabakigileekin (errektore, errektoreorde, dekano, sailburu, etab.) harremanak jorratzea, euskararen garapenean eta euskarazko irakaskuntzaren sendotzean laguntzeko eta, behar denean, kritikatzeko.
Sailekin harremana izan eta jarraipena egitea, euskarazko plazak eta dozentzia eskatzen edo oztopatzen dituzten ezagutzeko. Ondoren, egoki diren eginkizun praktikoak erabaki eta burutzea.
Euskalduntze-plangintzen jarraipena egitea eta betetzen ote diren aztertzea. Plangintzarik ez dagoen unibertsitate eta zentruetan proposamenak egitea.
Euskal lerroak garatu eta sendotzeko bidean, euskal irakasleen lan- eta dozentzia-egoerak hobetzen saiatzea.
Gutxiagotutako hizkuntzak erabiltzen dituzten unibertsitateko irakasleekin edo iraskasle-taldeekin harremanetan sartzea, haien esperientziatik ikasteko (flamandiarrak, bretoiak, kataluindarrak eta galegoak, adibidez).
Informazioari dagokionez:
Ahal den neurrian, Euskal Herriko unibertsitateetan euskarak eta euskal irakaskuntzak duten egoeraren diagnosia egitea. Ikastetxe eta unibertsitate bakoitzeko egoeraren unez uneko azterketa bilduko duen txosten orokor bat aldika argitaratzea: “EIREren X ikasturteko Txostena”, irakasleon ekarpenez osatuta.
Ahal den neurrian, euskararen garapenaren eta euskarazko irakaskuntzaren inguruko albisteak eta gai horien inguruan sailen eta zentruen jokabideak eta erabakiak komunikabideen eta EIREk berak sor ditzakeen e-postazko zerrenda eta berri-paperen bitartez unibertsitatean eta gizartean zabaltzea.
Komunikazioari eta eztabaidari dagokienez:
Komunikazio eta eztabaidarako tresnak sortzea: berri-paperak, e-postako zerrendak, eta beste komunikazio-tresna batzuk.
Toki bakoitzean "Unibertsitateko EIRE" sortzen bada (UPV-EHUko EIRE, UPNAko EIRE, Deustuko Unibertsitateko EIRE, etab.), eginkizun praktiko hauek bertako egoerara egokituko dira.