Zer da EIRE
Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea
Unibertsitatearen esparrua funtsezkoa da euskal hizkuntz komunitatearen garapen oso eta eutsigarrian. Horregatik, garrantzitsua da euskal unibertsitate-irakasleen elkarte bat sortzea, bai Euskal Herriko unibertsitateetan euskararen garapen eta normalkuntzaren alde lan eta eragin egiteko, bai unibertsitate guztietako (bertako eta kanpoko) euskal irakasleen artean komunikazioa hobetzeko. EIREren moduko elkarte batean bi eginkizun horiek ardatz dira eta lagundu egiten diote euskal hizkuntz komunitateari.
Euskal Herrian dauden unibertsitateak izaera desberdinekoak dira: batzuk pribatuak, besteak publikoak; batzuk campus batean kokatuta, besteak zenbaitetan banatuta; batzuk titulazio asko eskainiz, beste batzuk gutxi, eta baten bat (Udako Euskal Unibertsitatea) unibertsitate-ikastaroak nagusiki; batzuk nahiko berriak dira, eta beste batzuk historia franko luzea dute. Azkenik, Iparraldearen kasuan, kanpoko unibertsitate batzuen zentroak dira gehienak.
Errealitate desberdin hori kontuan izanik, hurrengo unibertsitate edo unibertsitate-zentruak ezagutzen ditugu Euskal Herrian oraingoz (berriak sortuko balira, zerrendan besterik gabe gehituko lirateke):
Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV-EHU.
Universidad de Deusto-Deustuko Unibertsitatea, UD-DU.
Mondragón Unibertsitatea, MU.
Universidad Pública de Navarra-Nafarroako Unibertsitate Publikoa, UPNA-NUP.
Universidad de Navarra-Nafarroako Unibertsitatea, UN-NU.
Udako Euskal Unibertsitatea, UEU.
Pau eta Aturriko unibertsitatearen bi zentruak, Baionan: Unibertsitate-Instituto Teknikoa (IUT) eta Fakultate Polidisziplinarioa.
Bordeleko Unibertsitate III “Michel de Montaigne-aren” zentrua ,Baionan.
Ingeniaritza Eskola, Bidarten.
Centre National de la Recherche Scientifique, CNRS.
Euskal Herriko unibertsitate eta unibertsitate-zentru horietan guztietan euskararen garapenak eta normalkuntzak nahiko egoera desberdinak erakusten ditu. Batzuetan aurreraurrats nabarmenak eman dira, beste batzuetan ez horrenbeste. Egoera desberdintasun hauek kontuan hartu beharko ditu EIREk bere jardunean, eta euskararen garapen oso eta eutsigarriaren aldeko lan eta eragina tokian tokira eta unibertsitatean unibertsitatera egokitu. Horrekin batera, hala Euskal Herriko nola beste herrialdeetako euskal unibertsitate-irakasleen arteko komunikazioa hobetzen eta orain arteko gabeziak gainditzen ahaleginduko da.
EIREk erreferentzia modura gogoan ditu Euskararen Unibertsoa deituriko Mugimenduaren izpiritu, lan-era eta diskurtsoai.
EIRE Euskararen Gizarte Erakundea da
Euskararen Unibertsoaren Mugimenduak definitu zuen modura, Euskararen Gizarte Erakundeak hurrengo irizpideak bete hehar ditu (hitzez hitz hartuta):
“Euskararen: euskararen biziaren alde sortua izatea, euskararen normalkuntzaren aldeko lana da egiteko nagusia.”
“Gizarte: gizarte ekimenak sortutakoak dira, sozialak”. (Jakina, erakunde profesionalak“gizarte-erakundeak” dira: idazleen elkartea, irakasleen elkartea, etab.).
“Erakundeak: era bateko edo besteko erakundetzea dute eta burujabe dira, hots, erabakia erakunde horrena da eta ez gainetik dagoen beste egituraren batena.”
EIREk definizio horrekin bat egiten du, euskara baitu helburu, irakasleek sortua eta osatua izanik gizartekoa baita, eta bere buruaren jabe baita. Beraz. Euskararen Gizarte Erakundea izango da.
i Oroit dezakegunez, mugimendu horrek 1997ko martxoaren 7 eta 8an Donostian egindako Jardunaldietan (400 eta gehiago euskaltzale bertan) euskal hizkuntz komunitatearen eta euskararen garapen oso eta eutsigarria lortzeko hiru txosten nagusi, bere ondorioekin, onartu zituen: gogoeta, eragina eta ikuspuntu sozialeko plangintza nagusia (lkus "Euskararen Unibertsoa: Jardunaldiak" liburua, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskararen Unibertsoaren Talde Eragileak argitaratua –Donostia. 1998, ISBN84-605-7198x–).
Gogoetaren txostenean, hizkuntz komunitateak erditasuna hartu zuen, aniztasuna eta garapen oso eta eutsigarria bereganatuz. Eraginaren txostenean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua abian jartzea erabaki zen (97-12-6an Durangon sortua); Kontseiluan euskalgintzako gizarte-erakunde gehien-gehienak daude jada. Plangintzaren txostenean, berriz, euskararen normalkuntza lortzeko ikuspuntu sozialeko plan nagusiaren ildoak landu ziren.
EIRE sortzea lehen aldiz proposatu zenean –Leioan, 1998ko apirilaren 20ko euskal irakasleen Jardunaldian– Euskararen Unibertsoaren Mugimenduaren erreferentzia esplizitoa egin zen eta baita horren emaitza den Euskararen Gizarte-Erakundeen Kontseiluarena ere.