Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Estatutoak
Dokumentu Akzioak

Estatutoak

Azken aldaketak 2006/09/26 09:37

I. KAPITULUA : ELKARTEAZ ORO HAR

IZENA

1. Artikulua.

"EIRE, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea" izenarekin eratu da, lukuruzko asmorik gabeko elkartea, Legebiltzarreko 3/1988.ko otsailaren 12.ko Elkarteei buruzko Legeari so eginez, Euskadiko Autonomi Estatutuko 9. eta 10.13. artikuluen arabera.

Elkarte honen eraentzarako arauak izango dira: aipatutako Elkarteen Legea; estatutu hauek -legearen aurkakoak ez diren heinean-; bere zuzendaritzako organuek baliozkotasunez hartutako erabakiak -legearen edota estatutuen aurkakoak ez direnean- eta Eusko Jaurlaritzak onartutako erreglamentuak, azken hauen izaera osagarrizkoa izanik.

ELKARTEAREN HELBURUAK

2. Artikulua.

Elkartearen helburuak honako hauek dira:

1. Euskal Herriko Unibertsitateetan euskararen garapen oso eta eutsigarria lortzea, unibertso propioa izateko asmotan.

2. Euskal Herriko unibertsitateetan euskararen normalkuntza lortzea irakaskuntzan, ikerkuntzan, barne eta kanpo kudeaketan eta gainontzeko zereginetan.

3. Unibertsitateko euskal irakasleen artean komunikazioa bultzatzea.

4. Euskal unibertsitatearen alde lan egitea.

5. Euskal unibertsitate-barrutia ezartzea.

Helburu horiek lortzeko, honako ekintza hauek burutuko dira, dagozkion legezko galdapenak beteaz:

1. Ahal den neurrian, Euskal Herriko unibertsitateetako erabakiguneetan eta erabakigileengan, ezarritako helburuen alde eragitea.

2. Ahal den neurrian, Euskal Herriko unibertsitateetan euskararen egoera eta berari eragiten dioten gaien inguruan jazotzen diren gertakizunen berri ematea, bai unibertsitate-komunitateari eta bai gizarteari.

3. Ahal den neurrian, bertako eta kanpoko unibertsitateetan dauden euskal irakasleen artean komunikazioa trukatzea, irakaskuntzari, ikerkuntzari eta helburuen alorreko beste edozein gairi dagokiona.

4. Ahal den neurrian, euskarak unibertsitateetan duen txertaketaren inguruan, bere garapenari begira beharrezko diren urratsen inguruan, euskal irakasleen eskubideez, eta ikasleek euskaraz estudiatzeko duten eskubideaz eztabaidatzea, besteak beste.

5. Halaber, oraindik euskara ez dakiten irakasleekin eta ikasleekin, harremanak jorratzea, helburuen aldekotasuna lortzeko bidean.

6. Euskal unibertsitatearen eredua eztabaidatzea.

Aurrean azaldutako ekintzen kalterik gabe, Elkarteak, bere helburuak betetzeko, zera egin ahal izango du:

- Helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako ekintza ekonomikoak gauzatzea.

- Era guztietako ondasunak eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintza eta kontratuak burutzea.

- Legeekin eta bere Estatutuekin bat datozen nolanahiko ekintzak burutzea.

ELKARTEAREN EGOITZA

3. Artikulua.

Elkartearen egoitza nagusia, behin-behingoz, Bilboko Gabriel Aresti etorbideko 21-1-A helbidean egongo da.

Elkarteak, horretaz gain, beste egoitzarik ere izan dezake, Ez-ohiko Batzar Nagusiak horrela erabaki ezkero. Elkartearen egoitza nagusia edo bestelakoren bat tokiz aldatzeko erabakia Zuzendaritza-Batzordeak hartuko du, eta horrek Elkarteen Erregistroari helbide berria jakinaraziko dio.

LURRALDETAR EREMUA

4. Artikulua.

Elkarte honek bere iharduera Euskal Herrian burutuko du.

Iraupena eta izaera demokratikoa

5. Artikulua.

"EIRE, Unibertsitatetako Euskal Irakasleen Elkartea" betirako eratzen da. Elkartea, soilik Ez-ohiko Batzar Nagusiaren erabakiz desegin ahal izango da, VI. Kapituluan esaten denaren arabera, edo legeetan jasotako arrazoiren batengatik.

Elkartearen barneko eraketa eta iharduera demokratikoak izango dira.

II. kapitulUA : organuak

a. ZuZENDARITZA ETA ADMINIStRAZIO-organuaK

6. Artikulua.

Elkartearen Zuzendaritza eta Administrazio-organuak honako hauek izango dira:

- Bazkideen Batzar Nagusia, organu gorena.

- Zuzendaritza-Batzordea, zuzendaritzako organu kolegiatu iraunkorra.

Batzar nagusia

7. Artikulua.

Bazkide guztiek osatzen duten Batzar Nagusiaren bitartez, adieraziko dira bazkideen nahiak, ohiko eta ez-ohiko bilerak eginaz.

8. Artikulua. Ohiko Batzar Nagusia.

Ohiko Batzar Nagusirako deia, gutxienez, urtean behin egin beharko da, hirugarren lauhilabetekoan, honako puntu hauek onartzeko:

1. Elkartearen iharduketa-plan orokorra.

2. Aurreko urteari dagozkion gastu eta diru-sarreratako kontuen egoera eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua.

3. Zuzendaritza-Batzordearen kudeaketa, beti ere Batzar Nagusiaren irizpide eta kontrolpean jardun beharko duela kontuan izanik.

9. Artikulua

Aurreko artikuluan jasotakoaren kalterik gabe, Batzar Nagusiak ondoko erabakiak hartzeko ahalmena du:

1. Ekitaldiko kontuak eta balantzea aztertu eta onartzeko.

2. Fondo xedagarrien aplikazio zehatza erabakitzeko.

3. Aurrekontuak onartzeko.

4. Barneko harremanak arautuko dituen erreglamendua onartzeko.

5. Estatutuak aldatzeko, hurrengo artikuluan jasotakoren arabera.

6. Zuzendaritza-Batzordea aukeratzeko.

7. Beste Elkarte batzurekin Federazioa edo Konfederazioa osatzeko edo horietakoren batetatik banantzeko.

8. Elkartea desegiteko.

9. Estatutuetako beste edozein gairi buruzko erabakiak hartzeko, espresuki Batzar Nagusiari edo ta Zuzendaritza-Batzordeari ez dagokionean.

10. Artikulua. Ez-ohiko Batzar Nagusia.

Ez-ohiko Batzar Nagusia biltzea, Zuzendaritza-Batzordeak erabakiko du, bere ekimenez edota bazkideen %10ak eskatuta. Bilkuraren arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dira eta, edozein kasutan, Batzar hauetan erabakiko dira:

1. Estatutuen aldaketa.

2. Elkartearen desegitea.

3. Ohiko Batzar Nagusiarenak diren gaiak, beti ere, premiazko arrazoiak medio, dagozkien deialdira arte itxaroterik ez dutenean.

11. Artikulua.

Ohiko eta Ez-ohiko Batzar Nagusietarako deiak idatziz egingo dira, tokia, eguna, ordua eta eguneko gai-zerrenda adieraziz. Bertan adieraz daiteke, baita ere, Batzarrerako bigarren deialdia.

Batzarra egiteko egunean, lehenengo deialditik bigarrenera ordu erdiko tartea egongo da.

Lehenengo deialdia, gutxienez, Batzarra baino 30 egun aurretik egin beharko da. Bigarren deialdia, berriz, ez bada lehenengoarekin batera adierazi, Batzarra baino zazpi egun lehenago egingo da, gutxienez.

12. Artikulua.

Ohiko eta Ez-ohiko Batzar Nagusiak, lehenengo deialdian, modu baliozkoan eratuta geratuko dira, era pertsonalean edo ordezkarien bidez, bazkideen erdia gehi bat batzarreratuz gero.

Bigarren deialdiko Batzarrean, berriz, bazkide-kopurua edozein izan daiteke.

Bazkide batek beste edozein bazkide izenda dezake bere ordezkari, Batzar Nagusietan parte hartzeko. Ahalordea idatziz emango da eta Batzarreko Idazkariaren eskuetara helarazi, bilera hasi aurretik. Bazkideek, ahalordea adierazten duen dokumentua postaz bidal dezakete.

13. Artikulua.

Batzar Nagusietako erabakiak botuen gehiengo arruntez hartuko dira, ondorengo salbuespenekin:

a) bazkideak zigortzeko (34. art.) eta estatutuak aldatzeko (41. art.) bi hereneko gehiengoa (2/3ekoa) behar da

b) elkartea desegiteko, berriz, gehiengo absolutua (42. art.)

Zuzendaritza-Batzordea

14. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordea honako hauek osatuko dute:

- Koordinatzaile Nagusia.

- Koordinatzaileordea.

- Idazkaria.

- Diruzaina.

- Hamar bokal.

Gutxienez urtean bitan bilduko dira, eta elkartearentzat beharrezkoa den bakoitzean.

15. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordeko kideek kargua gal dezakete, lau bider jarraian eta arrazoizko kausarik gabe, bileratara huts egiteagatik.

16. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordeko kargudunak, Batzar Nagusiak hautatuko ditu bi urterako, beti ere Batzordeak espresuki errebokatzen ez baldin baditu.

Karguak bi txandatan berrituko dira. urte batean hamar bokalak, eta hurrengoan beste lau kargudunak (koordinatzailea, koordinatzaileordea,, idazkaria, eta diruzaina).

17. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordeko partaide izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

1. Estatutuetan eta barneko arauetan esandako moduan izendatua izatea.

2. Elkarteko kide izatea.

3. Adinez nagusia izatea.

18. Artikulua.

Zuzendaritzako batzordekide kargua edukiko da, Batzar Nagusiak izendapena egin eta norberak onartakoan.

Kargua onartzea libre da.

Karguak dohainekoak izango dira. Dena den, Batzar Nagusiak dietak eta gastuak ordaintzea erabaki dezake.

19. Artikulua.

Zuzendaritzako batzordekideek honako kasuetan utziko dute kargua:

1. Agintealdia betetakoan.

2. Dimisioa aurkeztutakoan.

3. Bazkide izateari utzitakoan, edo ta ezgaitasunezko kausaren bat gertatutakoan.

4. Batzar Nagusiak erabakitakoan.

5. Hildakoan.

Kargua uztearen arrazoia 1. puntukoa baldin bada, Zuzendaritzako batzordekideek funtziotan jarraituko dute, hurrengo Batzar Nagusia egin eta kargudun berriak aukeratu arte.

Kargua uztearen arrazoia 2., 3., 4. edo 5. puntuan aipatutakoa baldin bada, Zuzendaritza-Batzordeak berak erabakiko du, ordezko nor izendatu behin-behingoz. Ondoren, izendapen hori Batzar Nagusiak berretsi ala ezeztatuko du eta, kasu honetan, dagokion izendapena egin.

Zuzendaritza-Batzordearen osaketan jazotako aldaketa guztien berri eman behar zaio Elkarteen Erregistroari.

20. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordearen egitekoak hauek dira:

1. Elkartearen ohiko kudeaketaz arduratzea, Batzar Nagusiaren irizpideen arabera eta bere kontrolpean.

2. Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.

3. Urteko gastu eta sarreren aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera Batzar Nagusiari aurkeztea, honek onar ditzan.

4. Batzar Nagusietarako, eguneko gai-zerrendak eta dagozkien deialdiak egitea.

5. Bazkideen proposamen eta iradokizunei erantzun eman eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

6. Batzar Nagusiarena ez den beste edozein eginkizun burutzea.

21. Artikulua.

Zuzendaritza-Batzordea bilduko da, bere ekimenez edo partaideren baten eskariz, Koordinatzaile Nagusiak edo Koordinatzaileordeak erabakitzen duenean. Bilerak Koordinatzaile Nagusiak zuzenduko ditu; bere ezean, Koordinatzaileordeak; eta biak falta badira, batzordekide gazteenak.

Batzordeko erabakiak baliozkoak izan daitezen, bertan bildutako gehiengoaren aldeko botua behar da eta, horretarako, gutxienez, batzordekide-kopuruaren erdia present egon behar da.

Idazkariak bilerako akta jaso eta dagokion liburuan transkribatuko du.

b. Pertsona bakarreko organuak

Koordinatzaile Nagusia

22. Artikulua.

Koordinatzaile Nagusiak bere gain hartzen du Elkartearen legezko ordezkaritza. Zuzendaritza-Batzordearen eta Batzar Nagusiaren burua da eta berak exekutatuko ditu hauek hartutako erabakiak.

23. Artikulua.

Koordinatzaile Nagusiaren esku geratzen da, Zuzendaritza-Batzordeari edo Batzar Nagusiari espresuki ez dagokion edozein ahalmen eta bereziki honako hauek:

a) Zuzendaritza-Batzordeko eta Batzar Nagusiko bileren deiak egitea; hauek bukatutzat ematea; bertako eztabaidak zuzentzea eta, berdinketa kasuetan, botu ebazleaz erabakitzea.

b) Zuzendaritza-Batzordeari Elkarteko ekintzen egitasmoa proposatzea, Batzordearen egitekoak bultzatu eta zuzenduz.

c) Modu baliozkoan erabakitako ordainketak egitea edo agintzea.

d) Sor daitezkeen premiazko arazoak ebaztea eta Zuzendaritza-Batzordeari, hurrengo bilkuran, horren berri ematea.

Koordinatzaileordea

24. Artikulua.

Koordinatzaileordeak Koordinatzaile Nagusiari laguntza emango dio, eta ordezkatu ere egingo du honen ezintasuna gertatzen denean. Era berean, berari dagozkio Koordinatzaile Nagusiak espresuki berarengan eskuordetu edo delegatutako ahalmen guztiak.

Idazkaria

25. Artikulua.

Idazkariari dagokio, Elkartean sartzeko eskaerak jaso eta bideratzea; bazkideen fitxategia eta Erregistro-Liburua eramatea eta Akta-Liburua idatzi eta zaintzea.

Era berean, Elkarteen arloan indarrean dauden legezko arauak betearazteaz arduratuko da, erakundearen dokumentazio ofiziala zainduz, Elkarteko liburu eta artxiboen edukina ziurtatuz eta Zuzendaritza-Batzordeko izendapenak nahiz Elkartearen egoitza-aldaketak agintari eskudunari jakineraziz.

Diruzaina

26. Artikulua.

Diruzainak emango du egindako sarrera eta ordainketen berri. Zuzendaritza-Batzordeari aurkeztuko dizkio:

a) urteko sarrera eta gastuen aurrekontua eta

b) aurreko urteko kontuen egoera.

Honek, gero, Batzar Nagusiaren aurrera eramango ditu, bertan onartuak izan daitezen.

III. kapitulUA: BAZKIDEAK

 ONARtzeko prozedurak ETA MoetAK

27.Artikulua.

EIREko Kide unibertsitateko edozein euskal irakasle izan daiteke.

28. Artikulua.

Elkarteko kide izan nahi duenak bere eskaria Koordinatzaile Nagusiari aurkeztuko dio eta honek Zuzendaritza-Batzordeari, azken honek erabaki dezan, onartutako barne araudiaren arabera. Erabaki hau, Batzar Nagusiaren aurrean helegin daiteke.

29. Artikulua.

Batzar Nagusiaren erabakiz, Elkarteak Ohorezko Bazkide izenda ditzake, bazkidetzarako baldintzak bete arren, elkarteko helburuen alde, lanik egin ezin dutenak.

Bazkide hauek, ohorezkoak dira soilik, beraz, ez dute bazkideen izaera juridikoa. Ondorioz, ez dute haien obligaziorik, ez eta Elkarteko organuetan parte hartzeko eskubiderik ere.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA obligazioAK

30. Artikulua.

Bazkide orok honako eskubide hauek ditu:

1. Elkarteen Legearen edota Estatutuen kontrako erabaki eta iharduketak aurkatzeko eskubidea. Horretarako epea 40 egunekoa izango da, auzi-jartzaileak erabakiaren edukina ezagutu edo ezagutzeko aukera izan zuen egunetik hasita.

2. Edozein momentutan, beste bazkideen nortasuna, sarrera eta gastuen egoera, eta Elkarteko ihardueren garapena ezagutzeko eskubidea.

3. Batzar Nagusietan hitz egin eta botua emateko eskubidea, bere buruz edota beste bazkide baten esku utziz egikari edo exekuta daitekena.

4. Elkarteko Estatutuen arabera, zuzendaritzako organuetan parte hartzeko eskubidea, hautesle nahiz hautagai moduan.

5. Indarrean dagoen legedian aurreikusitako bazkide-fitxategian agertzeko eskubidea, eta Elkarteak ikurrik baldin badu, hori erabiltzekoa.

6. Estatutuen ale bat eta, egon ezkero, Barneko Araudiaren beste bat edukitzeko eskubidea eta zuzendaritzako organuen aurrean eskakizunak eta kexak aurkeztekoa.

7. Elkarteko ekintza kolektiboetan parte hartzeko eskubidea eta bazkideen erabilpenerako dauden gauzak (liburuak, egoitza, e.a.) gozatzekoa; kasu bakoitzean, Zuzendaritza-Batzordeak erabakitako moduan.

8. Bere aurka zigorrezko neurriak hartu baino lehen, audientzia izateko eskubidea eta zigorraren zergatiaz informatua izatekoa. Zigorrezko erabakiak, bazkideek beren obligazioak ez betertzeagatik soilik har daitezke.

9. Elkarteko organuek emandako arauen arabera, dagokion beste edozein eskubide.

31. Artikulua.

Bazkideen obligazioak honako hauek dira:

1. Elkartearen helburuak lortzearren, laguntza aktiboa ematea.

2. Gastuetarako, Batzar Nagusiak ezartzen dituen diru-sariak ordaintzea.

3. Estatutu hauek eta Elkarteko organuek hartutako erabakiak onartu eta betetzea.

Zigorrezko arauak

32. Artikulua.

Bazkideak zigortu ahal izango dira, Estatutuak, Batzar Nagusiko erabakiak edota Zuzendaritza-Batzordearenak behin eta berriz larriki urratzeagatik.

Zigorra, Zuzendaritza-Batzordeak proposatu eta Batzar Nagusiak erabakiko du. Edozein kasutan, bazkideari defentsarako berme osoak eskainiko zaizkio, hala denboraren nola baliabideen aldetik.

BAZKIDETASUNA GALTZEA

33. Artikulua.

Bazkidetasuna galduko da:

1) Heriotzagatik

2) Borondatezko kausagatik.

3) Zigorragatik.

34. Artikulua.

Aurreko artikuluko azken kasu horretan, Idazkariak idatzi bat bidaliko dio interesatuari, gertakarien berri emanez, eta idatzia jaso duela bermatuz. Interesatuak, 15 eguneko epea izango du bere aldeko arrazoiak azalduz erantzuteko. Amaitu ondoren, gaia Batzar Nagusiaren hurrengo bilkurara eramango da. Zigor-proposamena onartzeko, bi hereneko gehiengoa behar da (2/3ekoa).

35. Artikulua.

Elkartetik kanporatzeko erabakia, beti ere arrazoitua izango dena, interesatuari jakinaraziko zaio. Honek, bere eskubideez baliatuz, auzitegira jo ahal izango du, bere ustez, erabakia legearen edo estatutuen aurkakoa baldin bada.

36. Artikulua.

Bazkideren bati, borondatez edo zigorraren ondorioz, Elkartetik kanporatua izan denaren berri ematen zaionean, betetzeke dituen obligazioak burutzea eskatuko zaio, hala baldin badagokio.

IV. KapitulUA: eraketako ONDAREA ETA AURREKONTUa

37. Artikulua.

Elkarteak, sortzerakoan duen ondarea 0 eurokoa da.

38. Artikulua.

Elkarteak, bere ekintzak burutzeko, honako diru-baliabideak izan ditzake:

a) Batzar Nagusiak ezarritako sarrerako diru-sariak.

b) Batzar Nagusiak erabakitako aldizkako diru-sariak.

c) Bere ondasun eta eskubideen ekoizpenak, legez jaso ditzakeen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.

d) Beti ere, estatutuetako helburuen mesedetan, Zuzendaritza-Batzordeak erabakitako ekintza zilegiekin eskuratuko diru-sarrerak.

V. KapitulUA: ESTATUTUEN ALDAKETA

39. Artikulua.

Estatutuen aldaketa Zuzendaritza-Batzordeak proposatuko du, bere ekimenez edota bazkideen heren batek (1/3ak) hala eskatuta. Edozein kasutan, Zuzendaritza-Batzordeak lantalde bat izendatuko du aldaketako egitasmoa idatz dezan, berak ezarritako epe barruan.

40. Artikulua.

Aldaketaren egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, Koordinatzaile Nagusiak hurrengo Zuzendaritza-Batzordeko bileraren eguneko gai-zerrendan sartuko du. Batzorde horrek egitasmoa onartu edo lantaldeari itzul diezaioke, berriro azter dezan.

Egitasmoa onartu ondoren, Zuzendaritza-Batzordeak hurrengo Ez-ohiko Batzar Nagusiko gai-zerrendan sartuko du; edo bestela, bilera-deia egingo du horretarako.

41. Artikulua.

Ez-ohiko Batzar Nagusirako deiari, Estatutuen aldaketaren testua erantsiko zaio, bazkideek egoki ikusten dituzten zuzenketak Idazkaritzan aurkez ditzaten. Hauen berri emango da Batzar Nagusian, beti ere bilera baino zortzi egun lehenago Idazkaritzan jaso izan badira.

Zuzenketak idatziz egingo dira, ordezko edukinaren testua emanez, eta banaka edo taldeka aurkeztuz.

Kasu honetan, Batzar Nagusiak estatutuen aldaketa onartzeko, botuen bi hereneko gehiengoa (2/3ekoa) behar da.

vi. kapitulua: ELKARTEAren DESEGITEA ETA bere ONDAREAREN aplikazioa

42. Artikulua.

Elkartea honako kausagatik desegingo da:

1) Bazkideen borondatez. Batzar Nagusia horretarako bildu eta batzarreratu direnen gehiengo absolutuak hori erabakitzen badu.

2) Kode Zibileko 39. artikuluko kausagatik.

3) Epai baten bidez.

43. Artikulua.

Elkartea desegin ezkero, erabaki hori hartu izan duen Batzar Nagusiak Batzorde Kitatzailea izendatuko du. Hau Zuzendaritzako Batzordekide guztiek osatuko dute eta dagoen fondo guztiaz arduratuko da.

Elkarteak, bazkideekiko eta hirugarren alderdiekiko dituen obligazioak bete ondoren, geratzen zaion ondarea, Euskal Herrian inskribatutako lukuruzko asmorik gabeko elkarteen artean banatuko du.

Xedapen iragankorrA

Elkartea eratzen deneko Aktan behin-behingoz izendatuta agertzen diren Zuzendaritza-Batzordeko kideek, hurrengo Batzar Nagusiaren esanetara jarri beharko dute beren izendapena.

bukaerako xedapenak

LEHENENGOA

Zuzendaritza-Batzordea izango da Estatutu hauetan azaltzen diren arauen interpretazioa egin eta hutsuneak beteko dituena, beti ere Elkarteei buruz indarrean dauden legezko arauen pean, eta egindakoa hurrengo Batzar Nagusiari jakinaraziz, bertan onartua izan dadin.

BIGARRENA

Estatutu hauek garatzeko asmoarekin, Batzar Nagusiak Elkartearen Barne-Araudia onar dezake, baina haien edukina inolaz ere aldatu gabe.


Plone CMS-arekin dabil webgune hau, kode irekiko eduki kudeaketa sistema

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: